‘Kurdistango emakumeak gatazkaren aurrean’ lelopean, bere herriaz eta emakumeen borrokaz aritu da Sakine Cansiz erbesteratu politikoa.

Bizkaian ibili dira Suzan Samanci, Melike Yasar eta Sakine Cansiz asteon, hitzaldiak ematen.
Kurdistan lau estaturen menpe eta zatituta dago (Turkia, Iran, Irak eta Siria), eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, herri izaera ukatzen diote laurek. Herrialdea zatituta, zapalduta eta gatazka betean dagoela, emakumeak are oztopo gehiago aurkitzen ditu egunerokoan: feudalismoa, erlijio arazoak, patriarkatua… Pertsona zapaldua da emakumea. Kurdua eta emakumea da Sakine Cansiz. Cansiz kurduaren eta Cansiz emakumearen historia ez dira ezertan bereizten, haren ustez biak estutu eta zanpatu dituztelako modu basatian.
GITE-IPESek gonbidatuta, Bizkaian egon da egunotan Cansiz, Bilbon eta Portugaleten, Kurdistan eta emakumeak: erresistentzia eta errebeldia jardunaldietan berba egiteko berak bizitakoaz, bera lakoek bizitakoaz, bere herriak bizitakoaz. GITE-IPESekoek honela aurkeztu dute hizlaria: «30 urtetik gora daramatza bere herriaren askatasunaren alde borrokan. 1978tik 1991ra espetxean eduki zuten. Gaur egun haren jarduera nagusia prestakuntza politikoa eta ideologikoa da. Emakume kurduen askapen mugimenduaren barruan erreferenteetako bat da».
Emakumea
Erbesteratu politikoa da Sakine Cansiz, eta gaur egun Hanburgon bizi da (Alemania). Emakumearen arazoa munduan dagoen arazorik handienetakoa dela dio. «Existitu den lehenengo gizartea, begi bistan denez, emakumeari esker existitu da. Zoritxarrez, bost mila urte igaro eta gero, gutxi aurreratu da emakumearen egoeran. Zibilizazioaren sorleku dela dioten gunean, emakumeak, mendeetan zehar, oso ibilbide zaila izan du».
Ahots indartsuz kontatu du Kurdistan ez dela aitortua izan duela 70 urtera arte: «Ni Turkiak okupatutako Kurdistandik nator, eta 1930eko urteetan genozidio handia gertatu zen han. Ordutik, gure kultura, gure hizkuntza, dena ezabatu nahi izan digute. Lapurtu egin digute gurea den guztia». Munduan beste iraultza adibide batzuk gertatzen ari ziren sasoian -Nikaragua, Kuba,
Vietnam ahoskatu ditu, turkieraz, euskaldunok ere ulertzeko moduan-, Kurdistanen ez zegoen antolakuntza politikorik «bide horretan » ibiltzeko.
Esku ahurra gorantz zabalik daukala, kanpoaldearekin mahaia jo du kurduak esaldi bakoitzarekin: «Emakumeez osatutako erakundeak ere Europan aspalditik hasiak ziren mugitzen, baina Kurdistanen ez. 1985ean sortu zuten Kurdistango Langileen Alderdia (PKK), eta alderdi horrek eman zion emakumeari ardura politikoa; borrokan txertatu zuen». Lehen aldiz Kurdistanen, herri baten borroka emakumearen askapenarekin lotu zuten. Eta herri kurduaren askapena ezin da lortu andrazko kurduaren askapenik gabe, Cansizek bere hitzaldian behin eta berriz errepikatu duenez. «Emakumeak ez badira aske, ez dugu sinesten benetako askapenik egon daitekeenik».
Gerrillan
PKK-ko buru Abdula Ocalanek esana: «Kurdistango emakumeak, esklaboen esklabo izanik, nahitaez altxatu behar du egoera horren kontra». Begirada irmoarekin, Cansizek azaldu du emakume kurduek bere gain hartu zutela beren burua askatzeko ardura. Interesa piztu zitzaiela, ez bakarrik herriaren egoera politikoaz eta ideologiaz, baita euren emakume izaeraz ere. «Nik neure kabuz erabakia hartu eta familiari aurre egin behar izan nion, eta gai sozial eta politikoei buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen».
Bata eta bestea, herria eta andrazkoa, borroka bi aldi berean. Gerrillaren bidez uztartu zituzten bi borrokak emakume askok. «1980ko urteetan, batzorde militar faxistak dozenaka mila lagun hil zituen; oso kolpe krudela izan zen. Orduan, emakume kurduek erantzutea erabaki eta gerrillan sartu ziren». Herritarrak autoestimuz eskas zebiltzan; emakumeen erantzunak adorea berpiztu zuen. «Askapenaren eta demokraziaren aldeko borrokaren bidez, emakumeak bere nortasuna eta autoestimua berreskuratu zituen».
1987an, Emakume Abertzale Kurduen Batasuna sortu zuten, Europan. Turkiak behin eta berriro debekatu izan du alderdia. 1990eko urteetan, Ipar Kurdistanen (Turkiaren mendeko lurretan), matxinada indartsuak antolatu zituzten, eta are emakume gehiago batu zitzaizkion gerrillari. «Eta ez bakarrik emakume kurduak, beste herri batzuetatik etorritakoak ere bai: Alemaniatik, Kaukasotik, Armeniatik…». Gerrillan, andrak ez ziren mugatu aginduak betetzera; gizonezkoen pare hartzen zituzten erabakiak, taldeetan, emakumeen artean zein gerrillari guztiekin batera. Urte hartako matxinadetan, «andrazkoek funtsezko protagonismoa zuten»: lehen lerroan kokatuta egin zieten aurre tankeei, errepresioari. «Lehen aldiz gure historian, emakumea aurrean dago, ez atzean; guda frontean dago».
Arlo militarrean bakarrik ez, gizartean ere, kurduen artean, andrazkoek zegokiena berreskuratzea erabaki zuten: «Geure patua da». Cansizek, ordea, argi nabarmendu du aurkitu dutena ez dela batere leuna. «Mendi handiak, zailtasun orografiko handiak, sistema basatiak, gizonaren zapalkuntza… Beraz, aurretik esandako guztia ez da gutxi».
Gerrillaren barruan, mendian, gizonen pentsamolde zurrunarekin egin zuten topo emakume kurdu gerrillariek. «Gizonok ez dira berehalakoan eraldatzen», baina, borrokaren ondorioz, han lortu zituzten aurrerapen handienak borroka horretan. Cansizek ziurtasun osoz baieztatu du: «Gaur egun, mendian, parekidetasunean oinarrituta bizi gara. Gauza berak bizi ditugu, gauza berei egiten diegu aurre, eta mendi horietan ez dago ez zapaltzailerik ez zapaldurik».
Mundura begira
SESBeko «sozialismo errealean» andrazkoek askatasunik ez zutela izan gogoratu du Cansizek. Beraiek, aldiz, hasieratik eman gura izan diote lehentasuna emakumeek beren burua antolatzeari. Hego Amerikako egungo aldaketa asko ere eredugarriak iruditzen zaizkio. Dena den, ezin du ezkutatu harrotasun puntu bat Kurdistangoa aipatzean, eta ihes egin dio irribarreak: «Gurea originala da. Inoren laguntza barik lortu dugu. Denek jarri dizkigute oztopoak».
Euskal Herria ere eredutzat eduki zutela dio erbesteratu politikoak. 1980ko urteetan, Kurdistango andreek borrokari ekin ziotenean, hona begira aritu ziren, besteak beste. «Euskal borrokarekin elikatu izan gara, eta beti pentsatu izan dut Euskal Herrian egongo nintzela egunen baten. Eta, begira, Euskal Herriaren bihotzean nago gaur».
(BERRIA 2008ko abenduaren 21a - Ekaitz Goienetxea)
TAS TAS Irratiako elkarrizketa Melike Yasar-ekin:
www.masvoces.org/Entrevista-con-Melike-Yaschar-exiliada-politica-kurda